
Silvia Lazarte 1964an jaio zen Carasa ibarrean, gaur egungo Santivañez herrian, Cochabamba departamenduko Capinota probintzian, Bolivian. Oraindik neskato txikia zela, eta leku hartan muturreko pobrezia zegoenez, bere familia Villa Tunari herrira joan zen, Chapare probintziara, aukera hobeen bila.
13 urte baino ez zituela hasi zen sindikalgintzan. Pedro Domingo Murillo sindikatuko kalezainen bilera batera joan zen, une hartan gaixorik zegoen aitaren ordez. Baina neska eta adingabea izateagatik kalezainek ez zioten bilerara sartzen utzi, eta kanpotik jarraitu zuen bilera.
16 urterekin, aitak, oso gaixo zegoenez, Chapare probintziako Pedro Domingo Murillo sindikatuan aurkeztu zuen, haren ondorengoa izan zedin bizitza sindikalean. Argi utzi zien sindikatuko kideei bere alaba nagusia ez zela ahotsaren eramailea soilik, erabakiak har zitzakeela, berak bezala. Haren hitzak hutsean geratu ziren gizonak nagusi ziren mundu hartan. Hala ere, bileretara joaten zen eta hazi ahala, bere presentzia ohikoa bihurtu zen, antolatzeko gaitasuna eta bere izaera zirela medio.
18 urte zituela, zuzendaritza sindikalaren egitekoa betetzen hasi zen Evo Morales Ayma agintariaren laguntzarekin, ordurako goi-buruzagia baitzen. Silvia Central Nuevo Chapareko Emakumeen idazkari nagusi hautatu zuten, eta Cochabambako Emakumeen Federazioaren sortzaile eta lehen idazkari exekutiboa izan zen.
Cochabambako Tropikoko Emakumeen Federazioaren sortzailea eta Bolivia Bartolina Sisa Emakume Nekazarien Federazio Nazionalaren idazkari exekutiboa izan zen.
San Sebastiango emakumeen kartzelan espetxeratu zuten bere jarrera politikoak defendatzeagatik.
Sozialismorako Mugimenduak hautatuta 2006 eta 2008 artean Batzar Konstituziogilea zuzendu zuen, eta 2009ko Boliviako Konstituzioaren testu berria idazteko lana zuzendu zuen.
2014an presidentetzarako kanpainan parte hartu zuen Evo Morales laguntzeko. Aktibismo sindikal eta politikoa mantendu zuen bere azken urteetara arte, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak garatzen zituen bitartean, Santa Rosa de Sara udalerrian.

Itsaso Beltzetik mundurantz zabaldutako leinua

«Gaur egun, hedabideetan gehien kezkatzen nauena albiste faltsuak dira»

Denboraren joana telesailen narrazioetan

50 urtez haurrentzako euskarazko aisialdia posible dela erakusten
