Miren AZKARATE BADIOLA

Inor ez dadila besarkada hori eman gabe geratu

40 urteren ondoren elkartu dira Adamary eta Edita, ama-alabak. Jaio eta berehala, erditutako amarengandik bereizi, eta adopzioan eman zuten txikia beste herrialde batera. Amari beste azalpenik eman gabe, eta haurra urteetara enteratuz gurasotzat zituenak ez zirela bere guraso biologikoak. Ez hori bakarrik, modu ilegalean izan zen jasoa etxe hartan.

Ez, ez da Espainian edo Euskal Herrian gertatutako kasua, baina izan zitekeen. Modus operandi berdina da. Hemen haur lapurtuak bezala ezagutu ditugun hamarnaka kasuetako bat izan daiteke Txilen gertatutako hau. Han ere Pinocheten garaian gertatu ziren kasu gehienak, baina ez denak. Estimatzen da 20.000 haur izan zirela ilegalki adopzioan emanak Txilen; jaiotakoan edo ordu batzuk geroago, haurra hil zela esan eta kito. Sinplea bezain makabroa.

Egunotan milaka kasu horietatik lau argitu dira, eta haurra (41 urtekoa gaur egun) eta ama (64 urtekoa) aireportu batean elkartu dira, haien besarkada ikusi ahal izan dugu.

Eta orain zer? Nola erreparatzen da min hori? Arduradunak non daude? Zerbait gertatuko ote zaie? Zeinek eta nola berreraikiko ditu bizitza horiek? Giza eskubideen urraketa izugarriak dira kasu horiek guztiak, eta ez hori bakarrik, inhumanoak dira guztiz. Erditu berri den ama baten momenturik zaurgarriena den horretan txikia besoetatik eta bizitzatik desagerraraztea. Txilen bakarrik ez, hemen ere Adamary eta Edita asko ditugu. •

OSZAR »
OSZAR »